Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Gorka Kaputz eta bere zomorroak

Idazlea: Raquel Samitier

Ilustratzailea: Raquel Samitier

Itzultzailea: Etor Iraola

Argitaletxea: Denonartean

Urtea: 2021

Orri kopurua: 36

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Album ilustratu honek higieneaz hitz egiten dio irakurleari, eta diskurtsoa garatzeko umore eskatologikoa erabiltzen du.

Gorka Kaputz zikin samarra zen, ez zuen bainatzea gustuko. Amak esan arren zikinak jan egingo zuela, ez zion kasurik egiten, berean segitzen zuen. Eta hasieran antzeman ez arren, gauzak aldatzen hasi zitzaizkion: eskolako lagunek ezin zuten jasan bere eskuetatik zerion kiratsa, ezta zangoetako bakterio eta ipurdiko kaken usainik ere, eta ihes egin zuten bere ondotik.

Orduan Gorka kakaz eta zikinkeriaz osatutako lagun berriekin jolasten hasi zen eta zirku bat osatu zuten denen artean. Baina hasieran dena ondo zihoala ematen bazuen ere, gerora zomorroek Gorka erasotu eta jan nahi izan zuten.

Estutasun hartan, Gorkak amak esandakoa gogoratu zuen: Zikinkeriari aurre egiteko xaboia erabili behar da. Berehala ikusiko zuen Gorkak zomorroek ezin dutela xaboia jasan, eta garaile atera zen.

Hiru dimentsiotan egindako panpina koloretsuak dira objektuak, pertsonaiak eta xomorroak. Kolore plano biziko hondo gainean erantsi dira elementuok ilustrazioak sortzeko.

Hondoko kolorea aldatuz doa istorioak aurrera egin ahala, kolore aldaketak gertaerek sortzen duten emozioarekin lotuta. Adibidez, garbiketa adierazten duen kolore zuriarekin hasi eta bukatzen da istorioa. Baina tartean ilunduz doa, beltzera iritsi arte, justu egoera muturrera iristen denean: zikinkeriak Gorka jango duela ematen duenean. Eta gero berriz argituz doa kolore desberdinetatik pasata, Gorka xaboia erabiltzen hasten denean.

Hizkiak beltzak edo zuriak dira, hondoak duen kolorearen arabera. Testuak irudiek adierazten dutena kontatzen digute, labur. Pertsonaien arteko elkarrizketak bunbuiloetan erakusten dira, gainerakoan narratzaileak hirugarren pertsonan kontatzen digu zer gertatzen ari den. Istorio hau ez litzateke ulertuko irudirik gabe.


Prentsako aipamenak:

Imanol Merceroren kritika Berrian


Gorka Kaputz eta bere zomorroak