Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Erleak eta lur-zizareak

Idazlea: Florence Thinard

Ilustratzailea: Benjamin Flouw

Itzultzailea: Miren Agur Meabe

Argitaletxea: Ttarttalo

Urtea: 2021

Orri kopurua: 48

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Dibulgazio liburua da. Bizi dugun ekosistemak iraun dezan, erleek eta lur-zizareek zergatik diren ezinbesteko azaltzen du. Lehenengo orrialde bakun bakarrean adierazten da orrialdeak bi zatitan banatuta egotearen arrazoia: Ardatz horizontal batek bi ataletan banatzen du hemeretzi orrialde bikoitzez osatuta dagoen liburua: goiko atala (17x46 cm) erleari dagokio, eta beheko atala (12x46 cm) lur-zizareari.

Gure planetako bizidunen sare trofikoan ezinbestekoak izanik, landareen erreinuaren biziraupena bermatzen dute bi animalia txiki hauek, batak lur gainetik hegaka, besteak lur azpitik zulatzen. Erle eta lur-zizareen azalpen ugari ematen dira. Zein anatomia duten, nolako bizilekua duten, nola ugaltzen diren, zer jaten duten, nola mugitzen diren, urtaro desberdinetan zer gertatzen den, zer lan egiten duten, zein mehatxu jasaten duten, zer egin behar dugun biziraun dezaten, gure bizimoduak beraiengan izan duen eragina,...

Hasierako aurkibideak liburuan zehar azaltzen diren azpiatalen berri ematen du. Forma geometrikoak nagusitzen dira egiantzeko ilustrazioetan. Liburua bi ataletan banatzen duen ardatz horizontala koloreen kontrastea erabiliz lortu da, eta beheko zatian lurzoruaren zeharkako ebakidura adierazten da.


Erleak eta lur-zizareak