Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Bere baitara bildurik

Idazlea: Nanen

Ilustratzailea: Nanen

Itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun

Argitaletxea: Bookolia

Urtea: 2021

Bilduma: Crizal

Orri kopurua: 36

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Album ilustratu honek asmo soziala dauka, adinekoen bakardadeaz eta euren baitara biltzeko gaitasunaz ari zaigu, tonu malenkoniatsuan. Gizarteko errealitatearen erretratua eta hausnarketa da, bakardadea eta maitasuna dituelarik gai nagusi. Julia emakume maitekorra da.

Egunak ematen ditu etxean, bakarrik, balkoitik begira. Herritarrek kuxkuxerotzat daukate, baina ez da horrela. Julia bere baitara bildurik, bere gogoetan murgilduta bizi da. Urtero herriko jaietarako soineko polit bat josten hasten bada ere, ez du amaitzea lortzen. Alabaina, arratsalde batez, leihotik begira ari dela, auzoko baten agurrak bere baitatik aterako du eta gogotsu ekingo dio soinekoa josteari. Amaitzean, ordea, haize ufada batek airean eramango du soinekoa. Honekin batera bere jaietara joateko ametsak ihes egingo dio, berriz ere atsekabez bere baitara bilduko delarik. Baina, ezustean, auzokoak soinekoa bueltan ekarriko dio eta harekin jaitsiko da plazara, bere baitatik ateraz eta maitasunari keinu bat eginez.

Estanpazio teknika eta koloretako arkatzez eginiko ilustrazioak dira. 4 kolore erabiltzen ditu istorioan zehar: gorria, berdea, zuria eta beltza. Azken orrialde bikoitzean, koloreen eztandak festa giroa eta istorioak ematen duen bira nabarmentzen du.

Orrialde gehienetan etxeko leihoak hartzen du orria goitik behera. Julia erdian, josi eta josi. Etxeko egongelan zein balkoitik begira. Bere baitara bildurik dagoela ikus daiteke aurpegiko espresioan, keinuetan, eskuetan, posturan, ezpainetan….


Bere baitara bildurik